Euskal preso politikoen bi herenek abiatu dute bide juridikoa

[NAIZ]

Balantze «gazi-gozoa» egin dute Etxerateko abokatuek 2017ko udazkenetik hona Estatu espainiarrean bide juridikoan egin diren urratsen inguruan. «Preso politikoek emandako pauso guztiak emanda ere, salbuespenezko neurriak aplikatzen jarraitzen dute. Ez zaie indarrean dagoen legedi arrunta aplikatzen», gaitzetsi dute.

Ia bi urte igaro dira Etxeratek senide presoen osasun asistentziaz eta asistentzia juridikoaz arduratuko zela iragarri zuenetik; beraiek bide juridikoak hartzea aukeratu zutenetik. Eta ordutik honako balantzea «gazi-gozoa» da abokatuek azaldu dutenez.

Onintza Ostolaza eta Iñaki Zugadi abokatuek jakinarazi dutenez, denbora honetan 53 euskal preso politiko gelditu dira aske, horietako gehienak kondena osoa beteta; hortaz, 213 euskal preso daude gaur egun Estatu espainiarreko kartzeletan. Horietatik, bi herenek (142 presok) abiatu dute ibilbide juridiko berria. Gradua errekurritzen hasi dira, lan destinoak hartzen edo bestelako ekimenak egiten, kaleratzea lortzeari begira.

«Zergatik ez da presoen herena ibilbide hau egitera sartu? Arrazoi ezberdinak daude, baina nagusiki kontuan hartu behar da preso politikoen erdiek oso urrunduta jarraitzen dutela, 600  eta 1.100 kilometro arteko distantzietan, baldintza oso gogorretan. Horrek abokatuekin harremana izatea asko zailtzen du».

Abokatuek gaineratu dutenez, espetxeetako Tratamendu Batzordeen jarrera erasokorra da, eta presoek egindako urratsak gutxietsi eta zailtasunak jartzen dizkiete. «Salbuespen legediak eta neurriek indarrean jarraitzen dute».

Apustuaren neurria

Oztopoak oztopo, urte eta erdian preso politikoen bi herena dinamika honetan sartu izanak erakusten du, abokatuen iritziz, presoek egindako apustuaren neurria. Aldiz, «ezin da gauza bera esan PSOEren Gobernuaz. Salbuespenezko espetxe politikarekin amaituko zuela esan zuen arren, bide honetan emandako pausoak oso eskasak izan dira».

Adibidez, Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Orokorrak progresioa eman eta hein batean hurbildu dituen presoak 25 dira; progresioa eman baina hurbildu ez dituenak, 8; hein batean hurbildu bai baina progresiorik eman ez dietenak, bi; eta etxean preso ezarritako gaixo larria, bakarra. Bi preso beren bikotekideengandik bananduz hurbildu izanaren paradoxa ere eman da.

Eskariak

Abokatuek hala eskatu diete espetxe bakoitzeko tratamendu batzordeari, espetxe zuzendaritza orokorrari eta, beraz, espainiar Gobernuari: «Utz diezaiotela iraganeko espetxe politika ezartzeari; utz diezaietela presoei banakako bidea egiten; eta behingoz errespeta dezatela beren legedi arrunta». Zaintza epaitegi zentralari, berriz, zera exijitu diote: «Espetxe politika iraganeko politika antiterroristatik at utz dezala eta ausardiaz heldu diezaiela presoen eskubideei».

Etxerateko senideen izenean, Patricia Velez eta Urtzi Errazkinek espainiar Gobernuari eskatu diote senide presoek bide juridikoa egiteko inongo trabarik ez jartzeko. «Egoera honek bide hau jarraitzea erabaki duten gure senide presoei eragiteaz gain, guri zigor gehigarri bat suposatzen digu, beraiekin egotea oztopatzen digulako. Maite ditugulako eta lehenbailehen gurekin behar ditugulako. Etxean eta bizirik nahi ditugu», nabarmendu dute.


Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

28 DE ABRIL: UNIDAD, LUCHA, BATALLA Y VICTORIA

Colectivo de Refugiad@s y Deportad@s Polític@s Vasc@s de Venezuela

APIRILAK 28: BATASUNA, BORROKA ETA GARAIPENA

Venezuelako Euskal Errefuxiatu eta Deportatu Politikoen Kolektiboa

Presas, exiliados y deportadas políticas, democracia y derechos humanos

Mikel Korta, miembro de Sortu

Carta de un exiliado político

Joxe Angel Urtiaga

Hau da gure egoera: giza eskubideak?

Ainhoa Larramendi Muxika - Euskal preso politiko baten senidea