Presoen osasun egoerak gero eta kezka handiagoa eragiten du

[Sortu]

Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoei buruzko hainbat albiste jarraitzeko aukera izan dugu azken asteotan. Tamalgarrienak hilaren 5ean eta 26an izan ziren, hurrenez hurren Juan Mari Maizkurrena eta Oier Gomez hil zirenean. Bi preso ohien kasuan, gaixotasun larri eta sendaezina diagnostikatukoan, gelditzen zitzaien zigorra eten behar izan zuten espetxe-administrazioek 2017an. Eta urtarrila atzo amaitu zen Asier Aginakori berriki antzemandako gaixotasun baten ondotik sinatutako beste zigor-etete batekin, hilaren 15ean, urgentziaz kirurgia-operazioa egin ondoren.

Kartzeletako egoera gordina bezain krudela da. Izan ere, preso gehienek 50 urte inguru eta gehiago dituzte; ia 200 presok 15 urte, 20 edo gehiago bete dituzte kartzela-erregimenik gogorrenetan; eta ia mediku- eta osasun-zaintzarik gabe daude. Juan Mari, Oier edo Asierren kasuak ez zeuden gaixotasuna duten presoen zerrendan, eta salatzen ari garen kartzeletako egoera kezkagarri horren erakusle dira. Itxura batean, gaixotasunik gabeko presoak ziren, eta gaitzak berandu antzeman eta diagnostikatu dizkiete. Horrelakoxea izan zen Kepa Arronategiren kasua: Jon Gurutz Maiza eta Joseba Erostegirekin batera, Jaiki Hadik urte hasieran eguneratutako gaixotasun larri eta sendaezina duten 21 presoen zerrendan sartu berri da. Gaixotasuna publikoa den kasuetan (15 preso) edo anonimoa den kasuetan (5), zerrenda horretako pertsona ia guztiek, denak ez esatearren, kalean egon beharko lukete, indarrean dagoen legedia aplikatuta. Kartzelan mantentzea erabat arriskutsua da haien osasunerako, eta txarrena ekar lezake. Gaixo terminalei buruz berriki bertan behera utzitako 3/2017 instrukzioak baino ez du gainditzen krudelkeria hori.

Hala eta guztiz, gaixo diren presoen eta haien patologien zerrenda berritua publikoki agertu ondoren, Jesus Loza Gobernuaren EAEko ordezkariak ez zuen jakin egoerak agintzen duen mailan egoten, eta ez zuen gizatasunik erakutsi. Gaixotasun kopurua eta haien gaitzak hutsaltzat jotzean, trufa egin zien gaixo diren presoei, haien familiei eta Estatuaren gabeziak betetzen ari diren medikuntza alorreko profesionalei. Harrituta omen dago gaixorik larri dauden preso kopuruaren igoerarekin, eta batzuei zein besteei –ezker abertzaleari barne– zehaztasun handiagoa exijitu zien.

Tamalez baina, urtarril honek eman dio erantzuna Loza jaunari. Hor dauzka kartzeletako errealitateari eta gaixotasun larriei buruzko zehaztasunak, gordintasun osoz. Beste hainbat egoera dramatikoren artean, bi heriotza izan dira, eta kondena etetea ekarri duen urgentziazko ebakuntza bat. Hori da zehaztasuna, Loza jauna. Hori dela-eta, ulertzen dugu senitartekoen kezka eta baita osasunaren nahiz giza-eskubideen alde ari direnen kezka, kartzeletan patologia psikiko larriak dituzten kasuekiko, minbizi kasuekiko, endekapenezko gaixotasun larrien kasuekiko, edo bihotz-patologia larrien kasuekiko.

Garai politiko berriak neurri humanitario berriak eskatzen ditu, eta espetxe-politika berriak gizatasuna izan behar du, ez gorrotoa, ez trufa, ez egoera hutsaltzea. Urtarrilaren 12an euskal gizarteak bere jarrera argi erakutsi zuen: 85.000 lagunek Bilbon eta Baionan urrunketaren aurkako aldarria kalera atera zuten eta gaixo diren presoak berehala aske lagatzeko eskatu zuten. Bihar, larunbata, berriz ere, kalera irten beharrean egongo gara, gaixotasun larri eta sendaezina duten presoen berehalako askatasuna exijitzeko. Egoeraren larritasuna eta premia dela-eta, SORTUk dei egiten du Sare eta Txus Martinen aldeko plataformak antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko (12:00etan Donostian eta 13:00etan Galdakaon). Bereziki, Sarek bihar 17:00etan Gasteizen “Oier azkena izan dadila” lelopean egingo duen mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dugu.


Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

Presas, exiliados y deportadas políticas, democracia y derechos humanos

Mikel Korta, miembro de Sortu

Carta de un exiliado político

Joxe Angel Urtiaga

Hau da gure egoera: giza eskubideak?

Ainhoa Larramendi Muxika - Euskal preso politiko baten senidea

"Orain Presoak" dinamikak larunbaterako egindako deialdietan egongo gara hainbat sindikatu

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru, Etxalde

Lannemezango presoon egoera judiziala

Lannemezan espetxeko euskal preso politikoak, 2018ko irailean.