Preso Politikoen Nazioarteko Egunean EPPK-ren agiria euskal jendarteari

Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren kariaz, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak agurrik beroena helarazi nahi diogu euskal jendarteari, zuei guztioi.

Preso Politikoen Nazioarteko Eguna legez geratu da izendatua Apirilaren 17a.

Pertsona asko dago preso ideiengatik eta ideia horien defentsan egin duten borrokagatik. Munduko leku askotako preso politikoak adiskide dira gaur egun, eta euren ziegetako barroteetatik harago elkartzen dira beren pentsamenduak, borroka eta maitasun loturak sortuz.

Munduko edozein espetxetan dauden preso politikoen egoerak dira garratzak, preso politiko izateak ezinbestean esan nahi duelako preso jazarria dela eta, beraz, bere eskubide pertsonal eta kolektiboen aldeko borroka etengabean bizi behar duela. Preso politikoak, zoritxarrez, borroka hori azken bururaino eramatera behartuak sentitzen dira gehiegitan. Zentzu honetan bereziki gogoan ditugu gose grebaren ondorioz edo beren buruaz beste eginez hil berri diren preso kurduak, eta munduko beste hainbat herritan askatasunaren alde borrokatzeagatik zigorra eta ondorioak jasaten dituzten guztiak.

Euskal preso politikoontzat ere ez da urte erraza izan; ez dira garai errazak.

Oraindik 260 inguru gara euskal preso politikoak; gutako batzuk 70 urtetik gorako adina dugu, espetxean daramagun urte kopuruaren bataz bestekoa oso handia da, 21ek gaixotasun larriren bat... eta gogoratu behar dugu azken urtebete honetan zendu direla espetxean larriki gaixoturik kaleratu ziren Juan Mari Maizkurrena eta Oier Gomez kideak... Errealitate horren aurrean, kartzeletako egoerak gordina izaten jarraitzen du. Zenbait kiderena are gordinagoa, adinagatik, gaixotasunagatik, guraso edo senide adindu eta ezinduak dituztelako edo bestelako arrazoiengatik. Urteen zamak presook ez ezik gure senide eta hurbilekoak ere kolpatzen baititu, “Motxiladun umeak” edota “Azken arnasa arte” dokumentaletan ezin gordinago agertzen den moduan, presoon eta senideen arteko harremanetarako baldintzak gero eta latzago bilakatuz. Ez dugu ahaztu behar, gainera, Estatu espainiarraren errepresioak guganako elkartasun oro mehatxatzen eta zigortzen jarraitzen duela.

Bakartuta dauden kideen kopurua aipatu behar dugu, andrazkoena bereziki.

Azken urteotan Kolektiboa osatzen dugun kideen kopuruak behera egin arren, esan behar da larritasunek gora egin dutela denborarekin. Ezin dugu ukatu egoera premiatsua dela, baina adierazi nahi dugu gure gogo-bihotzak gure herriaren askatasuna lortzeko egin beharrekoan daudela.

Ia bi urte dira EPPK-k eztabaida prozesua amaitu eta ibilbide juridikopenitentziarioan pausu bat aurrera eginez, kartzelak husteari begira espetxe legedia arruntari ekitea erabaki zuela. Ez da zailtasun faltarik borroka horretan ere, eta emaitzak tantaka datoz, nekez datoz... Baina nekeak eta abiadura mantsoak ez gaitu etsipenera eramango; zailtasunetan aurrera egiten ondo ikasiak gara, eta jarraituko diogu aurrera egiten.

EPPK-k jakin izan du aurrean dituen erronkei eta egin zaizkion galde guztiei eskuzabaltasunez erantzuten, gure Herrira konponbidea eta askatasuna ekarri behar dituen prozesuaren hobe beharrez. Eta ahalegin horretan bat egiten duzuen guztioi gure eskerrona adierazi nahi dizuegu, konpromiso horretan berresteko eta aurrera jarraitzeko eskaera luzatzeaz gain. Alde horretatik, iazko urriko eta aurtengo urtarrilean “Orain Presoak” dinamikaren baitan egin ziren manifestazio handiek erakusten digute zer nolako babesa duen presoon eskubideen aldeko eskaerak euskal gizartean. Babes horren ondorioz, Frantzian hurbilketaren inguruko mugimendu batzuk emanak ditu urtebete honetan, eta iritsiko da balorazio zehatzagoak egiteko ordua. Tamalez, Espainia aldean jarrera immobilistagoak eta are inboluzionistak gailentzen ari dira; espetxeetan eta presoon inguruan eman dituzten urrats uzkurrak nahikoak ez izateaz gain, gurekin adostu gabeak izan dira. Ildo juridikoan behin eta berriz ukatzen dizkigute eskaerak, salbuespen irizpideak mantenduz, exijentziak behin eta berriz handituz.

Gutakoren baten etxeratzeak sortzen duen poza adieraztea bera zigortu nahi dute. Esan behar dugu, ordea, euskal preso politiko bat espetxetik irteten denean, preso horren senide eta hurkoei ezarri zieten zigorra ere amaitzen dela. Baina nahiago dute zitalkeriatik eta gorrototik ase, askatasunean eta itxaropenez bizi gaitezen uztea baino.

Deliberatuak gaude gure helburuetara iristeko eta bidean beharrezkoak diren ekarpenak egiten jarraitzeko. Ekarpen handi eta txikiak, denak baitira beharrezko.

Bestalde, ez dugu ahazten epe laburrera datozkigula bi hauteskunde prozesu eta, alde horretatik, 2017ko eztabaidaren ondorioetan genioen moduan, EPPK-ko presook bat egiten dugula ezker abertzalearekin. Ezker abertzaleko militante gisa aintzat hartzen dugu bozkaren garrantzia ere, indarrak batzeko eta borroka politikorako tresnak prestatzeko modua delako Ezker Independentistako hautagaiei gure bozka ematea.

Ez dugu etsiko; egindako urratsetan ez gara atzera itzuliko. Etorkizuna dugu zain, eta bidean zailtasunak aurkituko ditugu, baina gure herriaren independentziara goaz eta elkarren indarrak batuz gaindi ditzakegu zailtasun guztiak.

Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo eta ke, irabazi arte!

Euskal Herria bihotzean, 2019ko apirilean

EPPK

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!


Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

Mendekua

Egoitz Urrutikoetxea

28 DE ABRIL: UNIDAD, LUCHA, BATALLA Y VICTORIA

Colectivo de Refugiad@s y Deportad@s Polític@s Vasc@s de Venezuela

APIRILAK 28: BATASUNA, BORROKA ETA GARAIPENA

Venezuelako Euskal Errefuxiatu eta Deportatu Politikoen Kolektiboa

Presas, exiliados y deportadas políticas, democracia y derechos humanos

Mikel Korta, miembro de Sortu

Carta de un exiliado político

Joxe Angel Urtiaga