Parlamentuetako adierazpenak egitasmo zehatzetan gauzatu nahi ditu Foro Sozialak

[berria.eus] Euskal presoen auzian "batzuen eta besteen posizioak mugitzen ari dira" Euskal Herriko eragileen artean. Hala azpimarratu dute Foro Sozialeko Nekane Alzelaik eta Agus Hernandek Donostian eginiko agerraldi batean, foroko kide diren Sareko Inaxio Oiarzabalekin eta Etxerat-eko Patricia Velezekin batera.

Jarrera aldaketa horien adibide gisa jarri dituzte gaixo dauden presoak aske uzteko eskatuz Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroakoa alderdi denak —PPk eta UPNk salbu— eta Hego Euskal Herriko sindikatu "guzti-guztiek" azken asteetan eginiko adierazpenak, eta espetxeetako eskumena EAEko eta Nafarroako instituzioen esku uzteko bi parlamentuek Espainiako Gobernuari eginiko eskaerak; baita EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren erabakiak ere. "Horiek guztiak bat datoz euskal gizartearen eskaerekin".

Foro Sozialak jakinarazi duenez, lanean ari dira eragile horiekin guztiekin egitasmo zehatzetan gauzatzeko adierazpen horiek; urtarrilerako espero dute horren berri ematea, Agus Hernanek jakinarazi duenez.

Horrez gain, foroaren helburua da bat egite horietatik "bide-orri integral eta zeharkako" bat adostea eragile horien artean. "Bide-orri horrek definitu behar du gizarteratzea nola gauzatuko dugun arrazoizko denbora epe baten barruan eta aplikatzeko bermez, egungo salbuespen espetxe-egoera gaindituz. Eta horrek, ezinbestez, legediaren aldaketa eskatuko luke", azaldu du Nekane Alzelaik.

Iparragirreren kasua, "urgentziazkoa"

Foro Sozialaren irudiko, larri gaixo diren 22 presoen egoerak izan beharko luke lehentasuna. "Oso kezkatuta" agertu du Ibon Iparragirreren egoerarekin. "Urgentziazko irtenbide baterako" urrats instituzional eta sozialak eskatu ditu, eta Espainiako Gobernuari "dei formal bat" egin dio berehala aintzat har ditzan EAEko eta Nafarroako parlamentuen erabakiak. "Euskal herritarrek aukeratu ditugun parlamentariek erabaki dutena errespetatzea nahi dugu. Ez da bidezkoa erakundeen arteko errespetu falta hau", azpimarratu du Alzelaik.

Foro Sozialak nabarmendu du gaixo dauden presoen aferan "frustrazioa oso handia" eragiten duela Madrilgo gobernuaren "gortasunak eta gizatasun faltak" eta ohartarazi du horrek sor ditzakeela "tentsioak eta ezinegonak" elkarbizitza eraikitzeko prozesuan. "Euskal jendarteak ez du horrelako politikarik nahi, iraganeko logika bati erantzuten diotelako, ez gaur egun bizi garen egoerari: ETA armagabetuta eta desmobilizazio prozesu batean murgilduta", adierazi du Alzelaik.


Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

Ekainaren 2ko deklarazioa. Orain presoak

Talde anitz eta zabal batek sinatua *

Declaración del 2 de junio. Ahora lxs presxs

*Multiples personalidades

Asmakeriarik ez, Fernandez jauna

Txema Matanzas (Abokatua eta preso ohia) eta Antton Lopez (Euskal Presoen aldeko Batzordearen arduraduna eta preso ohia)

EPPK-ren oharra euskal jendarteari

EPPK- Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Dos años después de la muerte de Angel Aldana

La Coordinadora Simón Bolívar (organización de base, revolucionaria, solidaria, internacionalista, indigenista, popular y socialista)