Martuteneko espetxera martxa

Arkaitz Rodriguezen hitzartzearen transkripzio osoa

Hernanitik eta Donostiako Egia auzotik abiatuta, “Bada garaia. Presoak Kalera!” lelopean Martuteneko espetxera martxa egin da. Amaieran egin den ekitaldian, Arkaitz Rodriguez SORTUko idazkari nagusiak hauxe adierazi du:

“Beste ezer baino lehen, bizpahiru agur bidali nahi dut. Lehena, une honetan kartzeletara bidean edo kartzeletatik bueltan izango diren senideei. Asteburuz asteburu bisitarako paketea prestatu eta ehunka kilometro egiten dituztenei beren senideei beren maitasuna eta berotasuna eramateko. Eta gaurkoa bezalako egun berezi batean ere konpromiso horri tinko eusten ari zaizkienei. Mila esker bihotz bihotzez, zuen sustenguatik, zuen konpromisoagatik, zuen maitasunagatik. Zuek gabe berez gogorra den egoera bat are gogorragoa, eramangaitza, ziurrenera, izango litzatekeelako. Aupa, zuek!

“Bigarrena, preso politiko katalanei, eta, oro har, Kataluniako herriari, datozen hileetan independentismoaren aurkako zigor-operazio berri bat aurre egin beharko diotelako. Animo asko, eta ez etsi! Estem amb vosaltres!

“Hirugarrena eta azkena, nola ez, besarkada bero eta goxo bat euskal preso, errefuxiatu eta deportatu politiko guztiei. Maite zaituztegu, ez zaituztegu sekula bakarrik utziko, eta ez dugu etsiko zuek guztiak kaleratu arte; bakea eta askatasuna lortu arte.

“Urte amaiera izaki, balantzea egiteko garaia da. Orain urte bete zein egoeran geunden eta une honetan zein egoeran gauden hausnartzekoa. Bada, zentzu horretan, hainbat konstatazio egin beharra dago:

“Lehen konstatazioa: lortu dugu estatuen politika penitentziarioa pitzatzen hastea. Frantziar estatuari begira, Ipar Euskal Herriko interlokuzio zabalaren eta frantziar gobernuaren artean martxan jarritako lan-esparruak lehen fruituak eman ditu, berriki, hau ere esan beharra dago, eta ozen salatu, espainiar gobernuaren presioen ondorioz, lan esparru hori etenda gelditu bada ere. Espainiar estatuari dagokionez, hasi gara hautsiezina zirudien hormatzar horretan arrakalak sortzen. Oraindik ere bide luzea dugu egiteko, estatuek ez baitute horren erraz amore emango, baina, garrantzitsua da perspektiba ez galtzea, eta, horretarako, komenigarria da, zailtasunez eta oztopoez gain, lorpenen eta aurreratutakoaren kontzientzia ere hartzea. Bada, puntu honetara iritsita, zoriondu nahi ditut Bakeraren Artisauak, Sare, Foro Soziala, Bake Bidea, presoekiko solidarioak… eta urteotan guztiotan kalera atera zareten ehunka milaka lagunak, honako hau euskal gizartearen eta Euskal Herriaren lorpen bat baita, ez beste inorena.

“Bigarren konstatazioa: bakeak etsai boteretsuak izaten segitzen du. Aste honetan bertan entzun ditugu UPNko, PPko eta baita ere ETAren biktimen elkarte batzuk Sarek Iruñean antolatu duen ekimenaren kontra, ezin bortitzago, ezin lotsagabekiago. “Onartezin” iritzi diote oraindik ere indarrean den espetxe-politika kriminala salatzeari. Eta guk diogu: onartezina?

“Onartezina da, une honetan, 18 urtez azpiko ehun adin txikikok baino gehiagok astero ehunka kilometro egitea, eskola-orduak galdu behar izatea, haien bizitza arriskuan jartzea... haien gurasoak 40 minutuz bisitatzeko, kristal bat tartean dutela. Hori da onartezina.

“Onartezina da nazioarteko legediaren aurkako, baita espainiar legediaren aurkako, espetxe-politika baten apologia egitea. Horrek 12 hildako eragin ditu kartzeletan eta beste 16 errepideetan. Hori da onartezina.

“Onartezina da Zaplana jaunaren askatasun-eskubidea defendatu eta jarraian gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten euskal presoei eskubide bera ukatzea. Hori da onartezina.

“Onartezina da, helburu partidistak tarteko, ETAren biktimak erabiltzeko saiakera egitea edo are larriagoa dena: herri honen eta Espainiako Estatuaren arteko gatazka politikoa luzatzen saiatzea. Hori da onartezina.

“Onartezina da legeak bihurritzea euskal presoen zigorrak luzatzeko, lege horiek berak erabilita estatuaren zerbitzura dauden gaizkileei inpunitate osoa bermatzen zaienean. Euskal preso politikoen kolektiboko egungo kideetako hirutik bik hamabost urtetik gora daramatzate kartzelan. Zenbat denbora eman dute kartzelan, Galindok, Berak, Barrionuevok, Felipe Gonzalezek, Ramon Jauregik edo Billy el Niñok? Hori da onartezina.

“Onartezina da ETAk bere jarduera armatua amaitutzat eman zuenetik zazpi urte pasatu ondoren, oraindik euskal preso politikoek kartzelan jarraitzea. Hori da onartezina.

“Eta onartezina da Estatuak bere estrategia politiko-militar berezira jotzen jarraitzea autodeterminazio-eskubidea ukatzeko eta Espainiaren batasuna inposatzeko. Hori da onartezina.

“Hirugarren konstatazioa: politika penitentziarioaren aldaketa oso motel, motelegi, ari dira jorratzen, bai espainiar Gobernua bai frantziarra. Eta hori ere onartezina da. Frantziar gobernuari esaten diogu ez dela onargarria eskubideak arbitrarioki eman edo ukatzea. Eskubideak eskubide dira, eta preso guztiei zor zaizkie, guztiei. Zentzu horretan, Euskal Herriratzea eta hurbilketa preso guztiei dagokie, guztiei. DPSa/salbuespen neurriak kentzea preso guztiei dagokie, guztiei. Hiru laurdenak beteta dituzten presoei baldintzapeko askatasuna zor zaie. Eta zor zaie egoera horretan diren preso guztiei, guztiei. Nola baldintzapeko askatasuna zor zaien, aspaldidanik zor ere, kartzelan 30 urte betetzear diren Jakes, Jon eta Txistorri. Bihoakie hemendik besarkada bat.

“PSOE orain sei hilabete iritsi zen Madrilgo gobernura esanez espetxe-politika berria aplikatuko zuela. Baina sei hilabete pasatu ondoren, zer egin du benetan? 16 gerturatze iragarri ditu; horietatik 10 baino ez dira gauzatu, gainerako seiek lehengo zentroan jarraitzen baitute. Gerturatze guztietatik, bakar bat bera ere ez da Euskal Herrira izan.

“Zer gehiago egin du? 20 gradu-progresio onartu ditu espainiar estatuan lehen graduan dauden 197 presoen artetik. Horiek horrela, euskal preso politikoen kolektiboko presoen %90 lehen graduan dago, preso arrunten kasuan %2,1 daudenean. Hori da guztia.

“Pues bien. Al PSOE le decimos: que tiene que dejar de jugar con los deseos y las expectativas de la sociedad vasca; que tiene que echar el freno de mano de la política de excepción y pisar a fondo el acelerador de la solución, de la convivencia y de la paz; que tiene que dejar de mirar de reojo a los enemigos de la paz porque, o se está con la mayoría de esta sociedad, con los demócratas, con la solución y con la paz, o se está con los enemigos de la paz, no hay término medio; que tiene a un 80% de la sociedad vasca y a una mayoría del congreso español a favor de una política penitenciaria que contribuya a la solución. ¿A qué espera?

“PSOEri, beraz, zera esaten diogu: euskal gizartearen nahi eta itxaropenekin jolasteari utzi behar diola; salbuespen politikarentzat esku-frenoa sakatu behar duela, eta konponbidea, bizikidetze eta bakea lortzeko azeleragailua sakon zapaldu behar duela; bakearen etsaiei zeharka begiratzeari utzi behar diela eta argitu dezatela non dauden, konponbidearen eta bakearen alde gaudenokin ala bakearen etsaiekin; konponbidea erraztuko duen espetxe-politika baten alde daukala euskal gizartearen %80 eta espainiar Kongresuaren gehiengoa. Zeren zain dago?

“Urteetan entzun dugu ETA disolbatzean dispertsioa 48 ordutan amaituko zela. Are gehiago, legea bete egin behar dela entzuten dugu behin eta berriz. Bada, bete dezatela legea, beraien legea. Zentzu horretan, gaixorik larri direnak, 70 urteak beteak dituztenak bezalaxe, ez dituzte Euskal Herrira gerturatu behar, kalean utzi behar dituzte, legeak hala esaten duelako.

“Zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak ez dituzte Euskal Herrira gerturatu behar, kalean utzi behar dituzte, legeak hala esaten duelako.

“Euskal presoak ez dira Euskal Herritik gertu dauden kartzeletara ekarri behar, Euskal Herrian bertan egon behar dute, legeak hala esaten duelako.

“Salbuespen politikak alboratu eta jarraian kaleratze politika arruntak aplikatu behar dira guztientzat. Eta hori guztia preso guztien askatasuna ekarriko duen bide-orri baten lehen urrats gisa. Ez baitago normalizazio politikorik, ez baitago bake justu eta iraunkorrik ehunka preso politiko espainiar eta frantziar kartzeletan dauden bitartean.

“Laugarren eta azken konstatazioa: estatuen politika penitentziarioak pitzatzen hasi bagara herri aktibazioari, mobilizazioari eta borrokari esker izan da. Bada, aurrera begira ere hori izango da gakoa: herri aktibazioa, mobilizazioa eta borroka.

Zentzu horretan, zita berri bat daukagu urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan. Gure konfiantza, esperantza eta ziurtasuna, beti esan dugu, euskal gizartearengan dago, sobera frogatu duelako, nahi duenean, edozer duela posible. Estatuak boteretsuak dira, baina ez garaitezinak; herri honek lortuko ditu bakea, askatasuna eta preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko etorkizun bat.”


Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

28 DE ABRIL: UNIDAD, LUCHA, BATALLA Y VICTORIA

Colectivo de Refugiad@s y Deportad@s Polític@s Vasc@s de Venezuela

APIRILAK 28: BATASUNA, BORROKA ETA GARAIPENA

Venezuelako Euskal Errefuxiatu eta Deportatu Politikoen Kolektiboa

Presas, exiliados y deportadas políticas, democracia y derechos humanos

Mikel Korta, miembro de Sortu

Carta de un exiliado político

Joxe Angel Urtiaga

Hau da gure egoera: giza eskubideak?

Ainhoa Larramendi Muxika - Euskal preso politiko baten senidea