Mendekua

Hiru hilabeteko tartean Frantziako auzitegiek bi erabaki kontrajarri hartu dituzte. Uztailaren 5ean Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiko epaileek Xistor Haranburu baldintzapean libre uztea deliberatu zuten. Berehalakoan, prokuradoreak erabakiari helegitea ezarri zion. Urriaren 8an aldiz, Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegi berak prokuradorearen helegitea onartu du.

Ez da hitz aski gogorrik Xistorri gertatzen ari zaiona izendatzeko. Gizatasun printzipioak oro urratzen ari dira. Xistorrek 65 urte ditu eta osagarri arazoak ditu. 30 urte preso dagoen pertsona bati eta bere ahaideei esperantza zapuztea mingarria da. Funtsean, Justiziatik baino mendekutik du azken erabaki honek.

Frantziako Auzitegiaren begietara Xistorren etxeratzeak ordenu publikoa urratuko omen luke eta ez du baztertzen delitua errepikatzeko irriskua. Baldintzapeko askatasuna ukatzeko argudioek ezjakintasuna eta mespretxua adierazten dute.

Izan ere, Euskadi Ta Askatasuna erakundeak 2011ko urrian iragarri zuen borroka armatuaren bukaera. Geroztik, armagabetu eta bere egiturak oro desegin ditu. Ez da jada erakunde bat.

Xistorren kasuak Frantziako Gobernuaren jarrera bikoitza agerian uzten du. Alde batetik, gatazkaren ondorioen konponbidean aldebakarrez eman diren urratsen ingurumarian hainbat neurri aringarri hartu ditu, besteak beste euskal preso politikoen hurbilketak gauzatuz. Eta bestetik, baldintzapeko askatasunak oro ukatzen dituzte, eskaera guziek legezko irizpideak betetzen dituzten arren.

Usu Madrilen itzal luzea aipatzen da Frantziako gobernuaren jarrera azaltzeko. Haatik, Xistor Espainian presondegiratua balego aspaldian libre legoke.

Gobernuen mendeku politikek euskal gatazkaren iturburuan aurkitzen diren korapiloetatik gehiago dute konponbidetik baino. Euskal gatazkaren bilakaerak eragindako sufrimendua eta mina etorkizunean errepika ez dadin bermatzea izan beharko luke gobernuen zeregin nagusia. Alabaina, gaur gaurkoz iraganean katramilatuak nahi gaituzte, ez dutelako gatazkaren iturburuan diren korapiloak askatzeko xederik.

Xistorren kasuak urgentziazko egoera batean ezartzen gaitu. Frantziako gobernuaren arduragabekeria fermuki salatzeko ordua da. Mobilizazio ziklo berri bat abiatu behar dugu, gatazkaren ondorioak gainditu eta etorkizunari ateak zabaltzeko, hots, Euskal Herrian eskenatoki demokratiko bat eraikitzeko. Gure esku dago.

Egoitz Urrutikoetxea

Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

Mendekua

Egoitz Urrutikoetxea

28 DE ABRIL: UNIDAD, LUCHA, BATALLA Y VICTORIA

Colectivo de Refugiad@s y Deportad@s Polític@s Vasc@s de Venezuela

APIRILAK 28: BATASUNA, BORROKA ETA GARAIPENA

Venezuelako Euskal Errefuxiatu eta Deportatu Politikoen Kolektiboa

Presas, exiliados y deportadas políticas, democracia y derechos humanos

Mikel Korta, miembro de Sortu

Carta de un exiliado político

Joxe Angel Urtiaga