Izarrekin Sara etxera

Opor usaina sumatzen den garai honetan, ohi den bezala, ikasturtean zehar sortutakoaren inguruko hausnarketari ekiten diogu, baita etorriko den ikasturte berriaren inguruko aurreprestakuntzari heldu ere. Zeregin batean zein bestean, ezin dugu burutik kendu, aitak labanaz eraso egin zion Izar Majarenasen egoera kezkagarria. Haurraren osasun fisikoak hobera egin duen arren, ondorio psikologiko eta emozional larriak utzi dizkio. Izarrek trauma psikologiko oso esanguratsua bizi du une honetan.

Gaur egun Izar bere amarekin bizi da Madrilgo harrera etxe batean. Udaberrian izandako gizarte presioaren eraginez lortu zen bere amarengandik ez banantzea. Hala eta guztiz ere, ama-alabak elkarrekin badaude ere, bizi duten egoerak muturrekoa izaten jarraitzen du: Izar bere etxetik 450 km-ra bizi da; arrotza zaion hizkuntza batean eskolaratzera behartuta dago. Are gehiago, euren nortasuna ezkutaturik, anonimatuan izatera behartuta daude; eta, hori guztia nahikoa ez balitz, beren aitona-amona eta senideengandik urrun.

Gu, irakaskuntzako adituak garen aldetik, babesgabetasun osoa duen egoera horrek 3 urteko haur baten bilakaera psikopedagogikoan izan dezakeen eragina salatzera behartuta gaude.

Horrez gain, jakin badakigu Izarren ama askatzea eta alaba dagokion lekuan eskolatzea beharrezkoa ez ezik, posible ere badela. Izan ere, ezarritako zigorraren 3/4ak duela bi urte eta erdi bete zituen, eta, beraz, baldintzapeko askatasuna erdiesteko baldintzak betetzen ditu.

Horregatik guztiagatik agiri hau sinatzen dugun irakasleok, Sararen berehalako askatasuna eskatzen dugu Izarren osasunagatik, bere herrian eskolatua izateko duen eskubideagatik, indarkeria sexistaren biktima delako, gizatasunagatik eta, azken finean, giza eskubideak bermatzea besterik eskatzen ez dugulako, beharrezkoa delako: Izarrekin Sara etxera.

Ezin aipatu gabe utzi ikasturtez ikasturte gurasoak preso dituzten ikasleak. Izan ere, euskal preso donostiar guztiak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan sakabanatuta daude eta gure ikasleek milaka kilometro egin behar dituzte euren aita-amak ikusteko.

Leire Gallastegi, Joxean Jauregi eta Gurutz Sanzberro (Donostiako 15 ikastetxetako 35 irakasleren izenean)

Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

Hau da gure egoera: giza eskubideak?

Ainhoa Larramendi Muxika - Euskal preso politiko baten senidea

"Orain Presoak" dinamikak larunbaterako egindako deialdietan egongo gara hainbat sindikatu

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru, Etxalde

Lannemezango presoon egoera judiziala

Lannemezan espetxeko euskal preso politikoak, 2018ko irailean.

Kea saldu du Espainiar Gobernuak, euskal gizartearen itxaropenarekin eta senideen sufrimenduarekin jolasten ari da

Etxerat

SOBRE REORIENTAR LA POLÍTICA PENITENCIARIA

Oihana Garmendia eta Kai Saez de Egilaz (Presoen Batzordea, Sortu)