Hau da gure egoera: giza eskubideak?

Maiztasun handiarekin gertatzen zait honako egoera hau: «Zer moduz aste bukaera?», galdetzen didate lagunek. «Bidaia izan dut», erantzuten diet. «Eta zer moduz dago?». Normalean presoak azkenaldian sufritu duen beste injustiziaren bat aipatzen dut, eta ondoren komentario batzuk izaten dira. Hala ere, urteak joan, urteak etorri, konturatu naiz, zenbaitetan asaldatu egiten badira ere, ez direla egoeraz ongi jabetzen, oraindik galdera inozoak egiten baitizkidate («Ezin diozu telefonoz deitu?»). Horregatik sentitu dut premia idatzi honen bidez egoera deskribatzeko.
Presoekin izaten dugun harreman urria sakabanaketari zor zaio. Familiarengandik hurbil egoteko eskatzen duten preso sozialen %99 hurbildu egiten dituzte. Fies-3 erregimenean (lehenengo gradua preso politikoen %95) daudenak, ordea, ez. Gainontzeko presoek bost minutuko hamar telefono dei izaten dituzte astean. Euskal preso politikoek (EPP) zortzi. Hamar urtean (euskal preso gehienek urte kopuru hori gainditua dute dagoeneko) 1.040 dei gutxiago. Gainera, deia egiteko denbora-tartea murritzagoa izanik, ordutegiak ere izugarri zailtzen du senideekiko harremana, haiek lanean edo eskolan egoten baitira normalean. Gainontzeko presoek nahi adina eskutitz idatz ditzakete, eta garaiz iristen zaizkie. EPPek, hiru astean. Idazten den guztia kontrolatzen dutenez, eskutitzak hamabost eguneko atzerapenez ateratzen nahiz heltzen dira. 700 kilometrora dagoen EPP baten eta hurbil (100 km) dagoen preso arrunt baten egoerak konparatzen badira, euskal presoen senideok hamar urtetan 912.000 kilometro gehiago egiten ditugu. Bidaia horietan galtzen ditugun lanorduak 960 izaten dira batez beste, eta gure seme-alabek hamar urtean 120 eskola-egun galtzen dituzte zenbait kasutan. Aita edo ama inguruan dituzten presoen haurrek baino 400 bisita gutxiago izan ohi dituzte.
Hamar urtean, EPPko senideok bidaietan 78.432 euro gehiago gastatzen dugu. Presoak 700 kilometrora daudenez, ostatua hartu behar izaten dugu, eta horrek 23.400 euroko gastua dakarkigu, otorduetan 6.240 eurokoa, eta dirutza autoaren mantenuan... Urrunketak senide askoren ekonomian hondamendia eragiten du.
EPPko senideren bat gaixotuz gero, eragozpen eta traba handiak ezartzen zaizkie presoei bisita egiteko eta, baimena lortzen denean, sarritan beranduegi izaten da. Gainontzeko presoen kasuan errazago egiten dira bisitak.
Fies-3 erregimenean dauden EPPek ez dute formazio- eta lanbide-ikastaroetara joateko aukerarik, ezta, orokorrean, jarduera ludikoak ikusteko ere: musika-emanaldiak, zinema edota kirol-lehiaketak. Gainera, oro har, gatazkatsu izendatutako moduluetan izaten dituzte, inolako zigorrik ez izan arren. EPPen kasuan, «segurtasun arrazoien» aitzakiapean, eta ez beren jarrerek eraginda, 6-8 hiletik behin ziegaz aldatzen dituzte. Normalean ziega berrietan ezin da egon: zikinak, gortinarik gabe, aulkiak hautsita, krakaz dagoen komuna dutenak (urteetakoa), grafiti sexista edo arrazistekin, labezomorroekin... Orbanez jositako apar lastairak izaten dituzte, gauzak gordetzeko zuloz josiak daudenak: drogak, bizar-xaflak... eta guztiek zigarro-puntez betetako hautsontzi-kiratsa izaten dute, lixibaz garbitu arren inoiz joaten ez dena. Ziega aldaketak egin ondoren bi egunetan izugarrizko buruko eta sabeleko mina izaten dute, lixiba gehiegi erabiltzeagatik. Hamar urtean 20-25 aldiz alda dezakete EPPa. Gainontzeko presoek urteak eman ditzakete ziega berean, edota borondatez aldaketa eskatzeko aukera izaten dute. Gatazkatsuak diren modulu horietara bidaltzen dituzten preso sozialak, normalean, beste moduluetan norbaiti eraso egin dienak, droga-trafikoan ibili direnak, edota beste presoei lapurtu edo kalteren bat eragin dietenak izaten dira. Laburbilduz, espetxe barruan gatazkatsuenak, arriskutsuenak eta antisozialenak.
Modulu horietako higiene falta hirugarren mundukoa da ia: komunak gehienetan erabilgaitzak, krakaz eta karkasaz beteriko paretak, drogaren kontsumoa irekia eta ugaria. Praktikan, jarduerarik ez dagoenez, gehienetan jendea noraezean ibiltzen da patioan, edo lo gelditzen da izkina batean kartoien gainean. Zer eginik gabe, eta droga lortzea helburu bakarra izanik, ekuazioa erraza da: borrokak edota borroka-saialdiak dira presoek egunero bizi dutena, patioan izugarrizko tentsioa pairatzera behartuz. Zarata eta musika izugarri altua izaten da eta ikasketetan kontzentratzea erabat eragozten du... EPPen sufrimendu erantsia oso handia da. Fisikoki, kalte handiak dituzte ziegan 20 orduz egotera behartuta daudela kontuan hartuz: ikusmenaren galera, bizkarreko minak, mugikortasun faltagatik zirkulazio-arazoak, antsietatea, arazo psikologikoak...
Hori guztia onartezina delako, eta oinarrian arrazoi politikoak daudela eta ditugula ikusiz, urgentzia larria dugu EPPak lehenbailehen etxeratzeko. Urriaren 20an denok Donostiara!

Ainhoa Larramendi Muxika - Euskal preso politiko baten senidea

Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

Hau da gure egoera: giza eskubideak?

Ainhoa Larramendi Muxika - Euskal preso politiko baten senidea

"Orain Presoak" dinamikak larunbaterako egindako deialdietan egongo gara hainbat sindikatu

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru, Etxalde

Lannemezango presoon egoera judiziala

Lannemezan espetxeko euskal preso politikoak, 2018ko irailean.

Kea saldu du Espainiar Gobernuak, euskal gizartearen itxaropenarekin eta senideen sufrimenduarekin jolasten ari da

Etxerat

SOBRE REORIENTAR LA POLÍTICA PENITENCIARIA

Oihana Garmendia eta Kai Saez de Egilaz (Presoen Batzordea, Sortu)