Denak Gurekin. Euskal preso, iheslari eta deportatuak kalera!

1. EGUNGO TESTUINGURUA

Lehenik eta behin, zorionak guztioi azken hilabeteotan Bakegileen “Orain presoak!” ekimenaren eta abenduaren 9ko Parisko manifestazioaren inguruan egindako lanagatik. Gertakizun politikoa izan da, non Euskal Herriak argi eta garbi adierazi du presoen afera konpontzea urgentziazkoa dela bakea lortzeko.

Urte hasieran, SAREk hartuko du lekukoa, Bakegileekin, Bagoaz-ekin eta Etxerat-ekin batera Parisen antolatutako mobilizazioaren bultzada baliatuz. Hala Frantziako hiriburuko mobilizazioak nola Bilbokoak helburu berberak dituzte: Giza Eskubideak, Konponbidea eta Bakea. Bi ekimen horien bidez, gatazkaren ondorioen konponbidearen aldeko konpromiso multilateralak aktibatu nahi dira hala Euskal Herrian nola gure mugetatik kanpo, konponbide hori integrala izan behar dela eta honako oinarri hauek izan behar dituela aldarrikatuz: Giza Eskubideak, Konponbidea, Bakea.

Ezin da ezkutatu urtarrilaren 13ko mobilizazioa erronka itzela dela. Urtero bezala, Bilboko kaleak leporaino betetzea lortu behar dugu. Urtarrilaren 13koa presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko mobilizazio erraldoia izan behar da, Bakea eta gatazkaren ondorioen konponbide integrala lortzearren mobilizatuta dagoen herri oso baten adierazle argia.

Behin eta berriro errepikatuko dugu: euskal gizarte osoari dagokio protagonista izatea iraganeko konfrontazioaren ondorioak herri gisa konpontzeko orduan, euskal gizartea izan behar da protagonista pertsona guztien askatasun demokratikoetan eta giza eskubideetan oinarritutako elkarbizitza eraikitzeko orduan.

Testuingurua eta dispertsioaren amaiera.
Espainiako eta Frantziako estatuek beti ukatu diete presoei beren hurkoengandik hurbil egoteko eskubidea. Dispertsioa eta urrunketa euskal preso guztiei sistematikoki aplikatzen zaien politika diskriminatzailearen alderik nabariena da eta, legediari dagozkion urraketez gain, bestelako ondorioak ere baditu presoen senideentzat.

Presoen giza eskubideak urratzeaz gain, urrunketak arriskuan jartzen ditu senide eta lagunen segurtasuna eta bizitza, eta bidaia izugarri luzeak egin 1beharrak bestelako ondorioak ere ekartzen ditu: familia harreman egokiak eta iraunkorrak izateko ezintasuna, kostu ekonomiko izugarria familientzat, giza higadura haurrentzat eta adinekoentzat, errepideko arrisku nabariak eta sarritan izaten diren istripuak.

Beti izan da zentzugabea, baina gaur egun ez da inola ere onargarria euskal presoak oraindik egotea etxetik 750 km-ra (batez beste). Frantziako eta Espainiako agintariek hala nahi balute, berehalaxe hurbildu ahalko lituzkete presoak etxera eta familiarengana. Inolako oztopo fisikorik ez dago, euskal preso guztientzako lekua baitago Zaballan, Euskal Herriko gainerako kartzeletan eta Landetako Mont-de-Marsan espetxean.

Oraindik ere urruntze eta dispertsio politika justifikatzeko erabiltzen diren argudioak iraganeko logiketan eta dagoeneko existitzen ez den konfrontazio batean oinarritzen dira. Presoak erakunde jakin batekoak dira, baina, dagoeneko, erakunde hori armagabetu egin da eta bukatutzat eman du bere jarduera. Beraz, ez dago inolako arrazoirik presoak arriskutsu gisa katalogatuta mantentzeko. Segurtasunerako arriskua ezin da erabili horretarako argudio gisa, eta are gutxiago leporatzen zaizkien delituak berriz egiteko arriskua. Beraz, urruntze politika ez dator bat bake garai bati dagokion logikarekin. Euskal Herriko eragile sozial, sindikal, politiko eta instituzionalen iritziz, familien kontrako zigor erantsia da, ahalik eta lasterren bertan behera utzi beharrekoa.

Gaur egun ez dago inolako aitzakiarik euskal presoak diskriminatzen jarraitzeko. Ahalik eta azkarren berreskuratu behar dute familiarengandik hurbil egoteko eskubidea eta, horren ostean, aske geratzeko eskubidea, bakean biziko den Euskal Herri berri baten eraikuntzan eragile aktiboak izan daitezen.

Bakerako bideak etapa bat gainditu zuen 2011n, ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaierarekin; 2017ko apirilean beste etapa bat itxi zen, gizarte zibilaren bidezko armagabetzearekin; eta hurrengo urratsa gatazkaren ondorioen konponbide integrala izan behar da: preso, iheslari eta deportatu guztiak etxera itzultzea, aske eta beren eskubide zibil eta politiko guztien jabe.

Orain, hurrengo estadiora pasatzeko unea da, gatazkaren ondorioen konponbideari ekiteko eta jadanik desaktibatuta dagoen konfrontazio baten ondorioz espetxean diren 300dik gora pertsonen egoera konpontzeko unea. Zalantzarik gabe, lehendabiziko urratsak honako hauek izan behar dira: presoen egoera errealitate berrira egokitzea, euskal preso politikoak beraien familia ingurunera hurbiltzea, preso gaixo larriak eta 70 urtetik gorakoak askatzea eta zigorren luzapen arbitrarioak (zigor batuketa) bertan behera uztea. Gaur egun, horiek dira egoerarik gordinenak eta urgentziaz konpondu beharrekoak.

Garai politiko berria gorpuzten hasia da Frantziako Justizia Ministerioaren eta Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren eta eragile sozial eta politikoen artean irekitako elkarrizketa esparruaren bidez. Herri gisako ordezkaritza zabal eta plural horren garrantzia nabarmentzea eta interlokuzio gaitasuna ematea espazio multilateralak eta behin betiko konponbide markoak sortzeko bidea da.

EPPKk argi utzi zuen bere eztabaida bukatutakoan: helburua Kolektiboa batzea, Euskal Herriratzea eta kaleratzea da. Horretarako, legediak eskaintzen dituen bideak arakatzeaz gain, gatazka gainditzeko lan egiten duten eragile guztiekin elkarlanean arituko da, herritarren babesa eta Euskal Herriko eragile sozial, politiko, sindikal eta instituzionalen sostengua eta laguntza bilatuko ditu. Beraz, abian jarri behar gara, presoen eta haien senideen eskubideei dagokienez konponbide progresiboak ekarriko dituen prozesu batean inplikatu behar gara. Lehenik eta behin, kalera atera behar dira preso gaixo larriak eta dagoeneko baldintzapeko askatasuna lor dezaketenak, baina azken helburua euskal preso politiko guztiak zentzuzko epe batean askatzea da.

2. PRESO ETA IHESLARIEN ALDEKO HURRENGO MOBILIZAZIO ZIKLOA
Beraz, abenduaren 9aren ostean, presoen alde mobilizatzeko eta, batez ere, haien egoera sozializatzeko garai berri bat irekitzen da. Lehen mugarriak Gabonak eta dagoeneko aurkeztu diren bi kanpaina garrantzitsu izango dira:

1) SAREren kanpaina urtarrilaren 13an Bilbo egingo den manifestazioaren inguruan: “Elkarrekin aurrera egiteko PREST GAUDE! Giza Eskubideak-Konponbidea-Bakea”. Kanpaina horren aurrekari gisa, azken hiru hilabeteetan areagotu egin dira harreman sozialak, posizionamendu instituzionalak eta mobilizazioak, hainbat ardatzen inguruan:

- Parte-hartze aktiboa bakegileek abenduaren 9ko Parisko mobilizazioaren inguruan antolatutako ekimenetan.

- Eragile sozialekiko ekimenak, posizionamendu instituzionalak eta mobilizazioak preso gaixoen egoera salatzeko, bereziki Ibon Iparragirrerena.

- “Motxiladun umeak” ekimenak hartu duen indarra. Presoen senideek bizi duten errealitatea sozializatzeko espazio berriak ireki ditu.

Datorren hilabetean, SAREk bi ekimen garrantzitsu bideratuko ditu lan hori guztia sendotzeko eta areagotzeko: urtarrilaren 13ko manifestazioari begirako lana, eta abenduaren 9aren ondorioei buruzko hitzaldi ziklo bat (bakegileak batzuekin batera).

2) Etxerat-en dinamika: preso gaixoen inguruko ekimenak, Parisko mobilizazioari emandako babesa eta, batez ere, elkartasun ekonomikoa bultzatzeko abian jarri duen kanpaina.

Kanpaina horretako lehen urratsa Etxerat Lagun sarea zabaltzeko deialdia izan da, eta hurrengo urratsak etorriko dira.

3) KALERA, KALERA: Denak Gurekin! Euskal Preso, iheslari eta deportatuak etxera! Ikuspegi zabal eta global batetik egiten diren mobilizazioekin batera, presoen izaera politikoa indartuko duten mobilizazioak ere egin behar dira.

Urte bukaera honetan KALERA dinamikak garatuko dituen ekimen nagusiak honako hauek izango dira: herrialde mailako martxak Euskal Herriko kartzeletara, eta martxa edo mobilizazio bat Euskal Herriko hiriburuan.

- Abenduaren 23a (larunbata): Martxa Zaballara. 11:00etan Subijanatik.

- Abenduaren 30a (larunbata): Manifestazioa Iruñean. 18:30etan. “Ez dugu izaterik aske haiek gabe, Iruñerria kalera presoak kalera”.

- Abenduaren 31 (igandea): Kontzentrazioa Basauri espetxean. 12:00etan.

- Abenduaren 31 (igandea): Martxa Martutenera 12:00etan. Zutabe bat abiatuko da 11:30etan Donostiako Epaitegitik (Egia), eta beste bat 11:00etan Zinkueneatik (Hernani).

3. EGIN DEZAKEGUN LANA

Egun hauetan KALERAk herrietan egin behar duen lana ulertzeko, argi izan behar dugu gure zeregin nagusia SAREren eta ETXERATen ekimen zabalak bultzatzea eta indartzea dela. Horregatik, garrantzitsua litzateke koordinaziorako eta hausnarketarako espazioak partekatzea, ekimen horietan gizarteko sektorerik ahalik eta zabalenak inplikatzea lortzeko. Zehazki, honako ekimen hauek indartu eta zabaldu behar ditugu:

- Urtarrilaren 13ko manifestazioa ahalik eta jendetsuena eta pluralena izan dadin.

- Elkartasun ekonomikorako kanpaina, herri eta sektore guztietara irits dadin.

Gabonetan eta urte bukaeran KALERA moduan herrietan ekimenak egitea erabakitzen badugu, argi izan behar dugu ezin direla planteatu dinamika globalarekin loturarik ez duten ekimen isolatu gisa. Ez dituzte ekimen zabal eta pluralak oztopatu behar, eta ezin dira beraiekin lehiatu. KALERAren dinamika guztia osagarria izan behar da, lagungarria, kontsentsu zabal berriak lortzen lagundu behar du: euskal preso politikoek pairatzen dituzten eskubide urraketekin bukatzeko, salbuespenezko legediari eta espetxe politikari amaiera emateko, espetxeratutako euskal militante politikoen kontrako mendekua, zigorra eta krudelkeria geldiarazteko. Ibon Iparragirreri dagokionez, eta haren egoerak izan dezakeen bilakaera oso kontuan hartuz, aurreko zirkularrean kasu horri buruz helarazi genizkizuen irizpideak beteko ditugu.

Kontua ez da dagoeneko abian diren ekimenak kontraprogramatzea, zapaltzea edo haiekin lehiatzea. Ekimen horiek beren ibilbide propioa dute, eta KALERAren dinamika guztia osagarria izan behar da, mobilizazioa eta sentsibilizazioa areagotzen lagundu behar du. Nagusiki, azken urteotan data hauen inguruan Ezker Abertzale gisa herrietan antolatu ohi diren mobilizazioak berritzeko, beste era batera ezaugarritzeko eta testuinguruan kokatzeko aukera gisa ulertu behar dugu.

Ekimen txikiak antola ditzakegu, xumeak, alaiak eta erakargarriak, KALERAren krabelina eta kandela erabiliz, “Kalera” kantaren bertsio ezberdinak jarriz (Tajon Prieto, Txapas...), preso eta iheslariekin lotutako bestelako kantak baliatuz...

Data hauek ez dira egokiak mobilizazio handiak antolatzeko. Gainera, ekimenak ugariak izango dira berez: espetxeetarako martxak (23, 31), Olentzero (24), urteko azken ostirala (29). Azken ostiralari dagokionez, Etxerat-en kontzentrazioek izaera berezia izango dute.

2017. Abenduan
 

KALERA DINAMIKA

Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

Denak Gurekin. Euskal preso, iheslari eta deportatuak kalera!

KALERA DINAMIKA

Exilioa, amaierarik ez duen kondena. Eta aski da!

Iheslari ohiok

Prisioneros políticos

Joxemari Olarra Agiriano, militante de la izquierda abertzale

Granadako euskal preso politikoen borroka dinamika, emakume gisa jasaten duten tratamendua salatzeko

Granadako espetxeko Euskal Preso Politikoen Kolektiboa

Alcala-Mecotik haserre

Manu Azkarate Ramos (Alcala Mecoko euskal preso politikoa)