Iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria, Orion

 

[Jon Irazola iheslari ohiaren hitzartzea]

Iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria. Nahi hori da hemen elkartu gaituena.

Elkarbizitza eta adiskidetza denen ahotan da eta guk zera diogu: elkarbizitza eta adiskidetza marko sozial eta politiko egokia behar dute.

Nola elkarrekin bizi, nola adiskidetu, errepresioa eta errepresioaren ondorioak mantentzen diren bitartean?

Marko sozial eta politiko egoki horrek gauza asko beharko ditu. Gu hemen horietako bat aldarrikatzeko elkartu gara: preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko markoa ezinbestekoa da.

Iheslari eta ihesaren errealitatea ez da Euskal Herrian bertan gehiegi ezagutzen. Gure herrietan izenik gabeko silueta beltza izan da beti iheslarien existentzia aldarrikatzeko modua. Ez da kasualitatea. Errepresioa eta torturatik ihes egiteko beharra izan da euskaldunak iheslari bihurtu dituen arrazoia.

Baina atzerriaz hitzegiten dugunean zertaz ari gara?

2.500 baino gehiago izan dira 60. hamarkadatik hona.

Errepresioa izan da ere iheslaria iluntasunean bizitzera behartu duena. Ezin ditugu ahaztu:

- 274 estraditatuak edo euroaginduaren bidez espainiaratuak.

- 384 poliziarengandik poliziarengana entregatuak.

- 74 deportatuak, gaur egun ere 14 dira egoera horretan daudenak.

- 84 erbestean hildakoak. Horietatik 37 gaixotasunez eta 27 gerla zikinaren ondorioz.

Amaitu behar dugu egoera honekin. Nola? Hori da gakoa.

2013an, Miarritzeko Adierazpenean, EIPK-k bide orri bat plazaratu zuen.

Adierazpen horren inguruan emandako eztabaidetan oinarri batzuk agertu ziren argi:

- Iheslari eta deportatuak konponbidearen subjektuak izateko borondatea erakutsi genuen, eta argitzearen beharra izan zen gure aportazioa. Hori izan zen adierazpenaren oinarri nagusia.

- Estatuak ez ziren prest konponbide politikoaren eskemari heltzeko. Aitzitik, erabili nahi gintuzten konponbide orokorra oztopatzeko. Ezin genuen beraz Estatuen borondate politikoaren aldaketaren zain egon.

- Premiazkoa zen iheslari eta deportatuentzako askatasun espazioak irabazten joatea, iheslari eta deportatu guztien askatasuna lortzeko. Denok etxera ekartzeko helburuarekin.

Eta hasi ginen eta ari gara bide-orria gauzatzen. Ateak ireki eta ondorengoei bidea errazten. Eta ordutik, 150 iheslari eta deportatu baino gehiago bueltatu gara gure sorterrietara. Eta hori da gaur hemen irudikatu nahi izan duguna.

Bide honetan hiru dira aurkitzen ditugun oztopoak.

1. Madrilgo Audientza Nazionalaren itxidura da lehena. Ez du iheslari bakoitzaren dosier judizialaren egoerari buruz informaziorik eman nahi, eta abokatuek zerbait aitzinarazteko zer egin behar den galdetzen dutenean, haiek etor daitezela informatzera erantzuten dute! Begibistakoa da 30 urte baino gehiago exilioan bizi ondotik ez direla esku loturik Madrilen mantsuki agertuko.

2. Bigarrena, preskripzio epeak maltzurki luzatzea da. Dignidad y Justizia bezalako elkarteak juristak ezarri ditu dosierrak aztertzen preskripzio epeak ahal bezainbat luzatzeko helburuarekin eta hori lortzeko Fiskaltzaren kolaborazio osoa dute. 34 urte ondotik Mexikon atxilotua eta espainiaratua izan zen Telleria iheslariaren kasua horren lekuko mingarria da. Mendeku gosea ez da asebetetzen.

3. Eta hirugarrena, torturak kutsatutako dosierrak ez dira baliogabetuak. Eusko Jaurlaritzak argitaratu txostenak argiki erakusten du hamarkadatako errealitate lazgarria.

Orain dela egun gutxi Pedro Sanchezek esan zuen: Egoera aldatu da eta politika penitentziarioa aldatu behar da”. Errealitate printzipiora hurbiltzen diren hitzak dira.

Oinarri berberarekin iheslari eta deportatuekiko politika ere aldatu behar dela diogu guk.

Guk uste dugu hiru oztopo hauek gaindituak izango balira, eta inongo oinarri legal eta juridikorik gabe inposatu zen deportazio kondena bertan behera utzita, iheslarien %80 etxeko bidea hartzeko baldintzetan izanen liratekeela.

Eta ondotik, beste %20ri errealitate printzipioak gidatutako justizia transizionalak arrazoizko epe batean etxeratzeko aukera eskainiko lioke.

Gaur 70-80 inguru iheslari daude, horietatik 14 deportazioan.

Hori da gainditu beharreko errealitatea iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria eraikitzeko. Bada Garaia.

2013tik bidea egin dugu: soslaia edo perfil ilun horren barnean iheslari eta deportatuen bizitza, ametsak, konpromisoa, zailtasunak eta esperantzak marraztu ditugu. Helburu berdinarekin beste hitzordu garrantzitsu bat dugu urriaren 6an Tolosan. Bertan, iheslari eta deportatuen eguna gauzatuko baitugu.

Badu Pedro Sanchezek hitzak ekintzak bihurtzeko aukera: soluzioak badaude, zentzuzko arrazoinamenduetan oinarritzen dira eta mendeku izpiritu eta itxiduratik ihes eginez elkarbizitzarako oinarriak plantan ezartzeko ordua heldu da.

Lehen Ekine Saizar zioen bezala: portu batetik atera ginen eta portura itzuli nahi dugu. Ez ditzagun utz Euskal Herria hainbeste maite duten iheslariak urrun azken hatsa ematera.

Bukatzeko ezin dugu aipatu gabe utzi egun hauetan hil diren bi iheslari ohiak. Lehena Xabier Otazo, Pasai San Pedrokoa, 40 urte ihesean ibili ondoren 2014ean itzulitakoa. Bigarrena, Kontxi Arana gernikarra, 70eko hamarkadan Iparraldetik Latinoamerikara joan, eta 2000. urtean, Lizarra-Garazi garaian, EHNArekin itzuli zirenetakoa.


Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

Resolución del XXIV Foro de Sao Paulo

Los partidos participantes en el XXIV FSP entre los días 15-17 de julio en La Habana, Cuba.

Ekainaren 2ko deklarazioa. Orain presoak

Talde anitz eta zabal batek sinatua *

Declaración del 2 de junio. Ahora lxs presxs

*Multiples personalidades

Asmakeriarik ez, Fernandez jauna

Txema Matanzas (Abokatua eta preso ohia) eta Antton Lopez (Euskal Presoen aldeko Batzordearen arduraduna eta preso ohia)

EPPK-ren oharra euskal jendarteari

EPPK- Euskal Preso Politikoen Kolektiboa