Ezker Abertzaleak Kepa agurtu du Galdakaon

Ramon Sola · NAIZ

Agur-ekitaldiek ezinbestean iraganari begiratzen diote, baina atzo Galdakaoko beilatokian egindakoak etorkizunari ere behatu zion. Samina itzela izan arren, itxaropena gailendu zitzaion, Kepa del Hoyori egin dakiokeen omenaldirik onena preso eta iheslariak etxeratzeaz gain independentzia lortzea delakoan.

Eta etorkizun horren irudia Peru da, inor baino nabarmenago; Kepa del Hoyo eta Maite Sanchezen semeari mundura sortu zenetik aita ondoan –edo gertu behintzat– izatea debekatu zaio, eta orain haren bizia ere kendu dio espetxe politikak. Honela salatzen zuen Galdakaoko kanposantuan eskegitako pankartak, eta honela gaitzetsi zuten bertaratutako ehunka eta ehunka lagunek. Kepa del Hoyo urruti eta ia bakarrik hil da, baina bere bi «heroi handiak» (berak idatzia) ez dira inolaz ere bakarrik ibiliko; ekitaldia lekuko.

Peru haur jaio berri-berria zenetik ez zuen ikusten Kepa Roberto lagunak. Joan den larunbatean izan zuen aukera. Inortxok ere ezin zuen sumatu hori izango zela presoak izango zuen azken bisita. Bihotza eskuan mintzo zen Roberto, eta tripekin, baina buruarekin ere bai: «Herriarekiko lotura oso presente zuela aurkitu nuen Kepa. Eta lotura horri eutsi behar diogu –eskatu zuen–. Lepoan hartu eta segi aurrera. Dolua egin dezagun, mina atera eta bizi. Bizi, maitatu eta borrokatu», erantsi zuen mezu oso hunkigarria osatuz, Maite eta Perurekin besarkada luzean bildu aurretik, guztien emozioz beteriko malkoak askatuz.

Bizitzaren kasualitate maltzurrak, borroka ekologistak elkartu zituen Roberto eta Keparen ibilbideak, 80ko hamarkadaren bukaera aldera; Lemoizen aurka ari ziren biak orduan eta egun bakar bat falta izan zaio Del Hoyori Garoñako zentral nuklearraren amesgaiztoa betiko amaitu dela jakiteko. «Oso gazteak ginen orduan –ekarri zuen gogora lagunak ekitaldian–; ezer ez genuen, ez dirurik, ez lokalik, baina asmo irmoa bai. Oso gazte inplikatua zen Kepa, eskuzabala, konprometitua, echao palante, erdaraz esaten den bezala. Ez dut idealizatu nahi, azken finean gu bezalakoa zen», laburbildu zuen.

Ia bi hamarkada igarota, Badajozen elkar agurtu ahal izan zuten berriz, larunbatean, Kepa zendu baino egun eta erdi lehenago, hain zuzen ere. Robertok oroimenean betiko gordeko duela bistan da, baina Del Hoyok denon gogoan irautea opa zuen, maitasun hori Peru eta Maiteri helaraziz. Horrekin batera, galdakoztarrei jakinarazi zien presoa zeharo «eskertuta» zegoela herriak emandako babesagatik: «Behin eta berriro esan zidan hori». Solasaldiko une batean, «‘ez dakit noiz izango den, baina Galdakaora itzuliko naiz’, esan zidan Kepak», kontatu zuen. Kanposantuaren itxura ikusita, ez dago dudarik herrian jende asko zain zuela; ekitaldia kanpoan egin behar izan zen, barruan ez baitzen hainbeste jende sartzerik.

«Zugatik irabaziko dugu»

«Zugatik irabaziko dugu!»; zin hori erakusten zuen pankarta batek beilatokiko sarreran. Hortik eraikinera doan bidexkatik, hiru orduz ehunka eta ehunka lagun, ezagun eta ezezagun ere pasatu ziren, une latz hauetan senideen bihozmina leuntzen laguntzeko asmoz. Horien artean preso ohi ugari zegoen, belaunaldi ezberdinetakoak, espetxeak dituen ondorioak beren larruan ezagutu eta jasan dituztenak: Jose Antonio Torre Altonaga Medius, Anjel Alkalde, Pablo Gorostiaga, Jokin Urain, Kai Saez de Egilaz, Juan Mari Olano, Ibon Meñika, Arantza Zulueta, Elena Beloki, Ibon Arbulu, askatu berri duten Pipe San Epifanio, Tomas Madina herrikidea... zerrenda luze-luzea. Hilkutxaren ondoan, Badajozetik Galdakaorako bidean gorpua babesten zuten ikurrinarekin eta presoen Euskal Herriratzearen aldeko ikurrarekin batera, EPPKren logotipoa ere ikus zitekeen atzo.

Borrokak aurrera egingo duen seinaleak. Robertok ‘lepoan hartu eta segi aurrera’ leloa erabilia zuen bere hitzaldian eta horixe kantatu zuen geroxeago Ines Osinagak, trikiti doinuekin, Kepa del Hoyo joan delarik Euskal Herriko zeru gainean izar berri bat piztua dela adieraziz. Krabelin gorri bana jarri zuten orduan dozenaka lagunek bere aurpegi irribarretsuaren ondoan, estuki besarkatuta segitzen zuten Maite eta Peruren oinetan. Eta amaierako ‘‘Eusko Gudariak” kantuak biribildu zuen Kepa del Hoyoren ametsak gauzatzeko borrokan segitzeko konpromisoa.


Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

UNITÉ, SOLIDARITÉ ET LIEN AVEC LE PEUPLE

Rapport de conclusion du débat mené par le Collectif des Prisonniers Politiques Basques

Réauko Zuzendariari igorritako gutuna

Mikel Albisu Iriarte, Maixol Iparragirre Guenetxea, Mikel Karrera Sarobe, Ainhoa Ozaeta Mendikute eta Itziar Plaza Fernandez (EPPK-ko kideak)

Askatasunaren ibilaldia, presoen aldeko pausoak

Jokin Urain Larrañaga, Kristina Gete Etxebarria, Iñaki Gracia Arregi, Eukene Gracia Campillo, Kepa Zubizarreta Balboa (preso politiko ohiak)

Espetxe politika garai berrira egokitzeko eskatu diogu sindikatuok Espainiako Gobernuari

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, Hiru, EHNE Konfederazioa eta Etxalde Mugimendua

Izarrekin Sara etxera

Leire Gallastegi, Joxean Jauregi eta Gurutz Sanzberro (Donostiako 15 ikastetxetako 35 irakasleren izenean)