Elkarrizketa Josetxo Arizkureni (EPPK)

[Eneko Calle Garcia, Herriak aldizkaria]

2011n ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik Euskal Preso Politikoen Kolektiboak urratsak ematen joan da bakegintzaren bidean, eszenatoki berriari ekarpenak eginez, besteak beste, eragindako mina aitortzeko adierazpenak. Dena den, bide hori ez da erraza izan kolektiboarentzat, dispertsioa eta atxiloketak bitarte, barne-eztabaida bat abiatu zuten. Horren ondorioak ezagutu eta urtebetera, Kolektiboaren osasuna ezagutzeko Herriak aldizkaria Josetxo Arizkuren Ruiz (Iruñea, 1958) elkarrizketatzeko aukera izan du. Arizkuren, 72 urteko zigorra ari da betetzen Murcia I espetxean ETAko kidea izanagatik eta 2012tik Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) zuzendaritzako kidea da.

Zazpi urte igaro dira jada Aieteko Adierazpen hartatik, eta bost Lokarrik antolatutako lehen Gizarte Forotik, zeinak presoen eta iheslarien gizarteratzea errazteko gomendatu baitzuen. Kanpotik begiratuta, ematen du une hori ez dela iristen ari, edo kostatzen zaiola iristea… Nola bizi duzue egoera zuek, espetxeratuta zaudetenok?

Ezker Abertzalea ahultzeko tentaldia beti hor egon da denboraldi horretan, legeztatu ondorengo lehen hauteskundeetan EH Bilduk lortu zituen emaitza on haien ostean. Ezker Abertzale ahuldua edo zatitua nahi zuten. Eta horrela hasi zen gatazkaren ondorioen arloko eskakizunen atala, batez ere euskal preso politikoei dagokiena. Blokeo gogorra ezarri ziguten, eta gogortu egin zituzten espetxeko araudiak edo erregimenak. Fase horren dialektikaz jabeturik, ekimen politikoen bidez erantzun genuen guk. Horren adibide da espetxeetako legedi arruntaz baliatzeko Kolektiboak harturiko erabakia.

Baina, harrezkeroztik, nazioartea ere arduratu da gaiaz, eta prozesutik hurbil jardun da. Garrantzitsua izan al da hori? Lortu al du presoen kolektiboaren eskakizunak agenda politikoan sarraraztea?

Nazioarteko komunitateari dei egitea izan da euskal gatazka konpontzeko prozesuan hartu diren erabaki zuzenenetako bat. Gertatzen ari zenaren notario bihurtu ziren nazioarteko begiraleak, eta estatu itxi eta mendekati bat aurkitu dute, gaztaka eta haren ondorioak konpontzeko inongo erraztasunik ematen ez duena. Biziki eskertzen ditugu nazioartetik egin diren ahalegin guztiak gure egoera agenda politikoetara helarazteko. Bestalde, 2016an Gizarte Foro Iraunkorra sortu zen, gure herrian bakea eraikitzeko konpromisoa duen zenbait pertsonak eta taldek osatutako sarea, alegia.

Zer balorazio egiten duzue euskal gizarteak prozesuan izan duen partaidetzaz?

Garrantzi handia bereganatu du Foro Sozialak funtsezko hiru gai hauei dagokienez: gai izan da jende eta talde desberdinen artean azterketak eginarazteko, adostasunak eta hitzarmenak lortzeko; foroetan jorratu diren gaien bidez, berriz, halako arrazionaltasun bat ezarri dute, bat datorrena gatazkak konpontzeko nazioarteko estandarrekin (kasu batzuetan, egokitu ere egin dituzte estandar horiek euskal kasuari aplikatzeko); eta, hirugarrenik, konponbide sendo bat lortzeko behar-beharrezkoa den triangulazio bat lortu du: Foroa, gizartea/eragile politikoak eta EPPK.

Denbora luzez entzun izan dugu presoak Euskal Herrira hurbiltzea zela prozesua desblokeatzeko giltza, baina ez estatu espainiarrak ez frantsesak ez dute eman pauso hori. Zuek ere horrela izan dela uste duzue?

Bizikidetza elikatzeaz ari garela, prozesu hau elikatzeko behar diren keinuez ari gara. Luzaroan entzun dugu halako eta halako baldintza betetzean hurbilduko zituztela presoak Euskal Herrira. Baldintzak betetzen dira, baina ez da hurbiltzerik egon. Kontua da gatazkaren alderdietako bat hura bizirik balego bezala ari dela jasaten oraindik haren ondorioak. Presook eta gure senideak gara alderdi hori. Ezin dugu horrela jarraitu.

Etxeratek eta beste erakunde batzuek diotenez, berriz, gogortu egin da espetxeko bizimodua. Zergatik? Zertan aldatu da?

Gatazka konpontzeko zenbat eta pauso gehiago eman ETAk, Ezker Abertzaleak eta presook, orduan eta gogorragoa bizimodua espetxeetan, horretaz ez dugu zalantzarik. Estatuak blokeatu egin du presoen gaia konpontzeko bidea, bi helburu hauek lortzearren: guri itxaropena galaraztea eta konponbide ordenatu eta erabatekorik ez dela izango pentsaraztea, eta salbuespen-legeak markatzea prozesuaren erritmoa eta espetxe-politikaren eredua. Bere irmotasuna erakusteko, gogortu egin ditu espetxe-erregimenak eta, sakabanatze-politika orokorraren osagarri, “sakabanatze gehigarria” ezarri kartzela bakoitzean: preso politiko emakumezkoak elkarrengandik geroz eta isolatuagoak daude, oso larririk dauden zenbait preso, orain arte ez kaleratzeko agindua zegoelarik harik eta hiltzeko bi hilabete geratzen zitzaien arte... Ankerrak eta mendekatiak izateko prest zeudela frogatu nahi zuen PPren gobernuak. Laburbilduz, beldurra eta etsipena hedatu nahi dute gure artean. Espero dezagun PSOEk bide horretatik ez jarraitzea.

Nola erantzun du Espetxe Erakundeak kartzeletako egoera hobetzeko presoek banakako bideari ekiteko atea zabaldu ondoren? Ba al da aldaketarik?
PSOEko gobernuaren adierazpenak izan arren oraingoz aldaketak oso mugatuak dira. Hogei preso inguru kartzelaz aldatu dituzte Euskal Herrira hurbiltzeko asmoarekin, baina bakar bat ere ez Euskal Herriko kartzela batera. Ez dugu antzeman ere ez aldaketa kualitatiborik inposatzen dizkiguten bizitza erregimen gogorretan.

Zer deritzezue presoak direla-eta Paris hartzen ari den erabakiei?

Frantziako gobernua jabetu da amaiera ordenatua eman behar zaiola gatazkaren ondorioekin lotura duen orori, eta erabaki batzuk hartu ditu, “fitxa mugitu du”. Mugimendu hori ez dator bat Espainiako gobernuaren blokeo-jarrerarekin, eta, gainera, nabarmen utzi du Madrilen jokabidea. Hori dela eta, berehala jarri ziren martxan presio-lobbyak eta Paris aldera jo zuten, Frantziako gobernuari zera eskatzera: Espainiakoren jarrera berari eusteko, hau da, blokeoari. Denok dakigu zein dabiltzan lobby horietan, eta presioa egiten saiatzen dira, hurbiltzeari eta EPPKren biltzeari inon diren oztopoak jarriz. Erne egon behar dugu, eta ez diegu utzi behar lobby horiei gatazka konpontzeko prozesua oztopatzen, ezta preso bat bera ere bazterrera uzten.

Eta orain, ETA desegin ondoren, zer?

ETA desegin ondoren, gatazkaren ondorioak geratzen zaizkigu, eta erabateko konponbidea bilatu behar zaie. ETAk garbi esan zuen bere amaiera-agirian zergatik erabaki zuen desegitea: ez duelako nahi inork leporatzea oztopo bat dela gatazka konpontzeko prozesuan. Izan ere, bereizi egin behar dira ziklo armatuaren ondorioak, zeinei erantzun egin behar baitzaie zikloa amaitutakoan, eta ziklo politikoa. Bigarren ziklo hori ez da gainditu, eta erabakitzeko eskubidea du giltzarri.

Nola dago Kolektiboa barne-eztabaidako prozesua amaitu eta urtebetera?

Barne-eztabaidan erabakitakoa aplikatzeko fasean dago Kolektiboa. Erabakitasun handiz ari gara mugitzen guretzat berriak diren zenbait eremutan, eta Kolektiboaren jokabide horrek harridura eta nahasmendua eragiten du botere-organoetan (gobernu, Espetxe Erakundeak, organo judizialak…). Nahasmendu horren adierazgarri dira tratamendu-batzordeek gutaz prestatzen dituzten txostenak eta auto judizialen bidezko epaileen ebazpenak. Kolektiboak erronka hau jaurtitzen die horiei guztiei: legedi arrunta aplika dezatela, xede guztietarako. Legea oinarri duen erronka horri gerra-hizkera erabiliz erantzuten dio gobernuak kasu askotan, salbuespen-egoeretako legedian oinarriturik betiere.

Prest jarraitzen al du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK), eragindako mina aitortzeko presoak Euskal Herrira gerturatu ditzaten?

Ez da berria planteamendu hori: gutxienez hiru dokumentu garrantzitsutan jorratu da eragindako oinazearen gaia: 2013an Kolektiboak argitaratutako agirian, “Parot doktrina” zela-eta kaleratutako presoak Durangon agertu zirenekoan (2014ko urtarrila) eta desegin aurretik ETAk plazaratu zuen azken agirian. Dokumentu horietan guztietan argi eta garbi aitortzen da eragindako oinazearen erantzukizuna. Bide horretatik jo dugu presook, eta bat egiten dugu dokumentu horien letrarekin eta espirituarekin, itzulinguruka ibili gabe: bai, aitortzen dugu eragindako mina, eta jabetzen gara horretaz.

Biktimekin topaketak egitea lagundu al dezake Euskal Herrian bizikidetza demokratiko baterako oinarriak jartzen, horretarako behar den elkarrizketa konstruktiboa bultzatzen?

Gatazka konpontzeko prozesua erabatekoa baldin bada, zentzuzkoa da biktimekin topaketak izatea, eta bere eremua eta esanahia izan behar du ekimen horrek. Kolektibo gisa, beti egongo gara bide hauek jorratzearen alde: bakera, bizikidetzara eta gatazka gainditzera garamatzatenak. Baina giro egokia sortu behar da prozesu horiek bizikidetza elika dezaten, eta ez “irabazle-galtzaile” zeraren irudikapen publikoa.

Zer esango zenieke topaketa horietan parte hartzea oraindik erabaki ez duten biktimei?

Lehenik eta behin, esango nieke gure errespetua dutela, jasan duten oinazeagatik. Guk ere asko sufritu dugu, eta ulertzen dugu haien sufrimendua. Esango nieke, halaber, beste oinarri batzuk dituen etorkizun bat eraikitzen hasi behar dugula, iragana ahaztu gabe betiere. Eta denok esku hartu behar dugu eraikitze horretan.

Nola egin daitezke ekarpenak prozesu kolektibo horretan sakabanatze-politika tartean dela?

Ezker Abertzaleak aldaketa estrategikoari ekin zionetik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) hainbat ekarpen egin ditu prozesua sendotzeko; azkenekoa, legeak eskaintzen dituen bideak baliatzea. Zalantzarik gabe, oztopo larria da sakabanaketa. Beste egoera batean bageunde, askoz handiagoa izango litzateke gure ekarpena. Elkarrekin egoteak aukera emango liguke azterketa bateratuak egiteko eta, horrenbestez, erabaki egokiagoak hartzeko eta gai zailenen inguruko konpromisoak adosteko.

Zenbaiten iritziz, eragile aktiboa izan behar duzue bakearen eraikuntza-prozesuan, eta espetxe-politika ez litzateke aldatu behar zuen iritzia jakin gabe. Eztabaidatu al duzue horretaz? Zein da zuen proposamena?

Bai, partaidetza aktiboa nahi dugu gatazka konpontzeko prozesuan eta presoak kaleratzekoan. Horretarako, baina, gure iritzia entzun eta aintzat hartu behar dute. Konturatu behar dute konpromiso sendoa dugula konponbideekin, baita eztabaidagarrienekin ere. Izan ere, hainbat eskakizun egiten dizkigute oraindik ere. Baina eskakizun horiek agindu gisara egiten badira, Kolektiboko kide gehienek ez dituzte aintzat hartuko, ez dituzte onartuko. Gauzak hitz egin eta adostu egin behar dira, gure ustez. Erabateko konponbide baten aldekoak gara.

Zuen ustez, hezurmamituko al dira gobernu berriaren, sozialisten hitzak edo asmoak?

Eszeptizismoz ikusten dugu etapa berri hau, espetxe-politika dela-eta Espainiatik eta Euskal Herritik gobernu-ordezkariek egin dituzten azken adierazpenak entzun ondoren. Zaila da gure burutik kentzea ideia hau: Espainiako buruzagi politikoak (gobernu-buru izan direnak, bederen) ez dira sinesgarriak, ez dira serioak. Zenbat aldiz entzun ote dugu “ETA desegin ondorengo biharamunean Euskal Herrira eramango ditugu preso guztiak”? Horregatik, dei egiten diogu PSOEren gobernuari sufrimendua eragiten duten arazoak lehenbailehen konpontzen has dadin: sakabanatze-politika amaiarazi, larriki gaixo dauden presoak askatu, emakumeen isolamendua bertan behera utzi, adinez aurrera doazen presoak askatu… Euskal Herriko gehiengo soziala neurri horien aldekoa da.

Duela gutxi Estrasburgok zigorren pilaketa bikoitzaren ebazpena atera zuen. Nola baloratzen duzue?

Sententziak inkongruentzia legal batean mantentzen jarraitzen gaitu, Europar Batasunak zigorren pilaketaren inguruan agintzen duena betetzen ez delako. Estrasburgok ez du nahi izan gaian sakondu Estatu espainolak legearen iraulketa ondo egiten duen ezin duelako baloratu, eta gatazka konpondu barik utzi du. Europako “Erabaki Markoa” desobeditzeko Estatu espainolaren jarrera, etsaiaren Zigor Zuzenbidearen diseinuaren logikan sartzen da. Badakite legez kanpo ari direla, baina nahita egiten dute. Mendeku handiz ari dira legezkoak ez diren zigorrak luzatuz.

Zer pauso eman behar ditu gizarteak presoei eta iheslariei “bizitza zibilera” itzultzen laguntzeko?

Eskertuko genuke euskal gizarteak laguntzea bai espetxetik kaleratzeko prozesuan, bai bizitza zibilera itzultzekoan. Euskal gizartea eta erakundeak dira bermerik onenak gatazkaren ondorioak konpontzeko prozesuak aurrera egiteko, eta batez ere hari zuzentzen gatzaizkio gure ekarpenak egiten ditugunean.

 


Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

Presas, exiliados y deportadas políticas, democracia y derechos humanos

Mikel Korta, miembro de Sortu

Carta de un exiliado político

Joxe Angel Urtiaga

Hau da gure egoera: giza eskubideak?

Ainhoa Larramendi Muxika - Euskal preso politiko baten senidea

"Orain Presoak" dinamikak larunbaterako egindako deialdietan egongo gara hainbat sindikatu

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru, Etxalde

Lannemezango presoon egoera judiziala

Lannemezan espetxeko euskal preso politikoak, 2018ko irailean.