Arkaitz Rodriguezen hitzartzea, 'Espetxe politika hiltzailea' manifestazioan

Hasteko, animorik beroenak, besarkadarik estuena eta muxurik goxoena, nola ez, Antxoren senideentzat: Yolanda amarentzat; Pako aitarentzat; Patxi, Maite eta Asier anai-arrebentzat; eta Katixa hilobarentzat. Antxok esango lukeen moduan, maite zaituztegu, eta maiteko zaituztegu beti!

Besarkadarik estuena ere espainiar nahiz frantziar espetxeetan diren ehunka preso politikoentzat, iheslarientzat, deportatuentzat. Entzun gaitzatela haiek eta haiek gatibu mantentzen dituztenek: zuekin gaude, maite zaituztegu, ez zaituztegu sekula bakarrik utziko, eta ez dugu etsiko zuek guztiak etxean eta aske izan arte! Zeruak eta lurrak mugitu behar baditugu ere, aterako zaituztegu! Zutik eta bizirik! Agintzen dizuegu!

Egunotan ez da faltatu Antxoren heriotza heriotza naturaltzat jo duenik. Baina kartzelan egon garenok badakigu dispertsio politikak, egun indarrean den salbuespeneko espetxe politikak deus gutxi duela naturaletik. ez, lagunok, ez dago gauza antinaturalagorik presoak beren herrietatik ehunka kilometrora urrunduta eta isolatuta mantentzea baino. Ez dago gauza antinaturalagorik milaka senide eta lagun, haurrak eta edadeko jendea barne, astero-astero ehunka kilometro egitera behartzea baino. Ez dago gauza antinaturalagorik desasistentzia medikua, jipoiak edota bizi baldintza ankerrak baino. ez dago gauza antinaturalagorik, ez, euskal herritarrak, euskal independentistak espainiar kartzeletan hiltzea baino.

Ez, lagunok, Antxoren heriotzak ez deus izan naturaletik. Antxo ez da hil, Antxo hil egin dute. Eta Antxoren heriotzaren arduradunek izen-abizenak dituzte: espainiar estatua, dispertsio politika eta haren erantzule nagusi den Alderdi Popularra.

Alderdi Popular horri zuzentzen natzaio: legeak bihurritzen badituzue ere, demokrazia perbertitu arren, Guardia Zibila, Auzitegi Nazionala eta esterminiozko kartzelak erabili arrren, ez duzue herri hau geldituko. Ez zenuten Gernikan lortu, 40 urteko diktadura faxistan ere ez zenuten lortu, beste 40 urtean ere ez duzue lortu 78ko Erregimenarekin. Eta ez duzue orain ere lortuko.

Ez dezatela zalantzarik egin: herri honek lortuko ditu bakea eta askatasuna. Zeren eta, zorionez, herri honetan hamarnaka milaka lagun daude bakearen eta askatasunaren alde beren onena emateko prest.

Heriotza hau ekidin zitekeen. Hasteko, Antxo torturatu egin zuten, basatiki torturatu ere, atxiloaldiak iraun zituen boste egunetan. Eta torturapean lortutako autoinkulpazioen ondorioz zigortu zuten. Beraz, Antxok ez zuen kartzelan egon behar, espainiar legedia bera oso argia delako esaterakoan ezin dela inor zigortu torturapean ateratako autoinkulpazioengatik.

Bestalde, espetxe politika egokitu balitz, Antxori legedi arrunta aplikatu izan balitzaio, eta ez egun indarrean den salbuespen legedia, dagoeneko, hirugarren graduan egon zitekeen, permisoz ateratzen, hilero-hilero bere senide, lagun eta herrikideen konpainiaz gozatzen.

Esan bezala, Antxoren heriotza erraz saihets zitekeen. Beraz, Antxo, orain bai, azkena izan dadin nahi dugu, ez baitugu nahi gatazka honen ondorioz beste biktima bat gehiago egon dadin.

Torturapean egindako aitortzetan eta autoinkulpazioetan oinarritutako sententzia guztiak berehala errebisatzeko exijitzen dugu. Era berean, egungo espetxe-legediaren amaiera exijitzen dugu. Politika kriminal eta hiltzailea da.

Beste behin ere dei egiten diegu herri honetako eragile politiko, sozial eta sindikalei, PP eta UPN izan ezik, bide-orri bat adosteko. Lehenik eta behin, urruntzearekin amaitu beharra dago, lehen graduarekin, eta salbuespeneko gainerako neurriekin. Bigarrenik, harago joan behar dugu, eta salbuespeneko legedia bera desaktibatu behar dugu, legedia arruntaren bidez eta justizia trantsizionaleko irizpideen bidez, euskal preso politiko guztiak kalera ateratzeko eta iheslari guztiak itzultzeko.

Zeren eta, askotan esan dugun bezala, ez dago normalizazio politikoaz hitz egiterik, ez dago bake justu, iraunkor eta oso bat erdiesterik, espainiar eta frantziar espetxeetan edota herbestean ehunka preso, iheslari eta deportatu politiko diren artean.

Zentzu horretan, argi eta garbi esan behar da biolentzia guztiak ez direla herri honetatik desagertu. ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu zuenetik eta armagabetzetik ia urtebetera, estatuek haien indarkeria erabiltzen jarraitzen dute. Haien estrategia politiko-militarra erabiltzen jarraitzen dute, beren proiektu politikoa inposatzeko: zeren eta dispertsio politika biolentzia baita; gaixorik larri dauden presoak barruan mantentzea biolentzia baita; garaile eta garaituen, justuen eta injustuen, onen eta gaiztoen errelato bat ezartzea biolentzia baita.

Dispertsioaren koegileek heriotza injustuez hitz egiten dute: GALen PSOErekin gobernatu zutenek; oraindik ere partitu frankista sustengatzen duten horiek. Heriotza injustuez hitz egiten dute, Ina Zeberio, Tturko, Rosa Zarra eta Kontxi Sanchiz hil zutenen arduradun politikoek… 300 euskal herritar torturatu dituzten horien arduradun politikoek.

Esaten dute Ezker Abertzaleari bide luzea falta zaiola, pauso bat aurrera egin ondoren beste bat atzera egiten duela. Nork eta dispertsioaren egileek, Señor X-en, GALen arduradun politikoen eta milaka tortura kasuren arduradunen gogaideek.

Frankismoaren oinordekoek terrorismoaz hitz egiten dute Mola, Sanjurjo edo Utrera Molinari gorazarre egiten dieten horiek; Guardia Zibila Kataluniako herria sarraskitzera daramatenak; Espainiako Estatuan milaka pertsona prekarietatera eta pobreziara zigortzen dituzten horiek; bide-bazterretan milaka errepublikar, sozialista, komunista, anarkista eta independentista lurperatuta dituzten horiek.

Hemen denek dute erantzukizuna, ez ezker abertzaleak bakarrik. Bada ordua gainerakoek ere beren ardurak beraiengan har ditzaten. Esaten dute ezker abertzaleari bide luzea falta zaiola oraindik egiteko. Gu konformatuko ginateke gainerakoek haien bidea egiteari ekingo baliote, eta ezker abertzaleak egin duen moduan herri honetan izan den sufrimenduaren zati bat beraien ardura ere izan dela onartuko balute.

Badago sinistarazi nahi duenik hemen ez dela gatazka politikorik izan; ETAko kideak sinpleki terrorista batzuk izan direla; eta milaka eta milaka torturaturen eta estatu bortizkeriak eta terrorismoak hildako ehunka lagunen existentzia gure imaginazioaren asmakizuna besterik ez direla. Bada, horiei guztiei esaten diegu: Ezker Abertzaleak ez du sekula errelato hori konpartitu, ez du errelato hori konpartitzen, eta ez du errelato hori sekula konpartituko.

Gertatu denaren errelato egiazko bat exijitzen dugu. Horregatik, irtenbide justu, eta iraunkor bat nahi dugunez, ez gatazkaren ondorioena, baizik eta hutsik gatazkari buruz, esaten dugu presoek kalean behar dutela; okupazio indarrek herri hau utzi behar dutela; eta estatuek haien trantsitua egin behar dutela estrategia político eta demokratiko huts batera gure eskubide nazionalak aitortzeaz batera.

Nolanahi ere, Estatuengandik ez dugu gauza gehiegirik espero. Ez diote beren biolentziari besterik gabe uko egingo, badakitelako biolentziarik gabe ez direla ezer. Badakite, biolentziarik gabe, herri honek luze gabe estatu propio baten eta independentziaren aldeko hautua egingo duela.

Gure konfiantza euskal gizartearengan dago, bere jendartearengan, bere instituzioengan. Zeren eta gizarte honek frogatu du, nahi duenean, edozer duela posible. Euskal gizarteari zuzendu zaizkio bai ETAren bai EPPKren aldebakarreko urratsak. Eta gizarte horren konplizitatea lortzeari zuzenduko zaizkio etorkizunean ezker abertzaleak egingo dituen urrats berriak.

Gure konfiantza Ezker Abertzaleko belaunaldi zahar eta berriengan dago. Askapen prozesuaren motorra izaten jarraitu behar dugu. Gure indarrenganako konfiantza eta anbizioa behar ditugu. Gai izan behar dugu, orain arte bezala, borroka guztiak, aldarri guztiak, egitasmo nazional batera biltzeko. Gure burujabetza nazionala da giltza, alternatiba sozial eta ekonomiko baterako gakoa.

Ildo horretatik, une triste eta gogor hauetan, esperantza mezu bat helarazi nahi dugu: apirilak 8ak erakutsi bezala, gizartearen bultzadaz posible da estatuen gerra estrategia pitzatzea. Estatuak boteretsuak dira, krudelak dira, ankerrak dira, baina ez dira garaitezinak. Hala, bada, ez daukagu zalantzarik mobilizazioarekin, herri aktibazioarekin eta borrokarekin Euskal Herriak irabaziko duela bakea, irabaziko duela presorik gabeko etorkizun bat, eta irabaziko duela askatasuna.

Xabierri zor diogu. 36tik hona Euskal Herriaren eskubideen alde konprometitu diren guztiei zor diegu. Baina, batez ere, Katixari, Xabierren ilobari, gure seme-alabei zor diegu.

Hau izango da guztiei ere egingo diegun omenaldirik onena, ez PPk ez inork debekatu eta galarazi ezingo duena: garaipena.

Ez egin dudarik: lortuko dugu!


Agenda:

Infinite Scroll Laravel 5

Iritzia:

Hau da gure egoera: giza eskubideak?

Ainhoa Larramendi Muxika - Euskal preso politiko baten senidea

"Orain Presoak" dinamikak larunbaterako egindako deialdietan egongo gara hainbat sindikatu

ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru, Etxalde

Lannemezango presoon egoera judiziala

Lannemezan espetxeko euskal preso politikoak, 2018ko irailean.

Kea saldu du Espainiar Gobernuak, euskal gizartearen itxaropenarekin eta senideen sufrimenduarekin jolasten ari da

Etxerat

SOBRE REORIENTAR LA POLÍTICA PENITENCIARIA

Oihana Garmendia eta Kai Saez de Egilaz (Presoen Batzordea, Sortu)